Amore minez penatzen
Nire gogoa iazko udara eraman dute Bernardo Atxagaren enarek, Okzitania aldeko bideak zeharkatu nituen egunetara. Loreak aienatuak ziren ordurako izpiliku soroetan baina oraindik iristen zitzaizkigun haien lurrinaren oihartzunak eta ni, bidez bide, pixka bat Itxaro Borda sentitu nintzen. Avignonen kanpoaldeko kanpinean ea kaleetan okzitaniera entzuterik izango nuen galdetu nuen. Zaila izango nuela esan zidaten, zaila izango nuela probentzala entzutea. Roussillon bisitatu nuen halaber, non Samuel Beckett bizi izan zen bi urtez, erdi ezkutuan, Gestapotik ihes, Frantziako erresistentzian aktiboki parte hartzen zuen bitartean. Literatura handiak kapitulu asko bizi izan ditu bide, soro eta herri horietan. Behiala, Europako literaturaren erdigunea izan zen. Frantzia hegoaldea eta Italia ipar-mendebaldea hartzen dituen espazio geografikoki zabal hori literatur elkartrukerako leku apartekoa izan zen Erdi Aroaren amaieran. Trobadoreengandik ikasi zuten beren poemetan maitatzen Dante Alighierik eta Francesco Petrarcak, eta bide horri jarraituz eraiki zituzten beren donna angelicata maite idealizatuak. Petrarca bera Avignonen bizi izan zen eta han ikusi omen zuen Laura, Santa Klara elizan. Trobadoreek erdietsi ezinezko maiteari idazten zioten eta halaxe sortu zen egun maitasun gortesaua gisa ezagutzen den amodioa irudikatzeko modua, aldez edo moldez guganaino iritsi dena eta maiz maitasun erromantikoarekin nahasten dena. Maitasun ezinezkoa (trobadoreen maitea ezkondua izaten zen) eta harekin batera, jakina, horrek dakarren bihozmina. Baina XX. mendean fisika euskaraz ikas dezakegula frogatu zen bezalaxe [Ene laztan gozo ederra poemak] erakusten digu Erdi Aroan ere euskaldunak gai zirela euskaraz amore minez penatzeko Katalunia zuzenean kontaktuan dago, ekialdean, espazio geografiko horrekin, eta han ere sortu ziren hainbat trobadore, zeinak katalanez barik okzitanieraz aritzen baitziren. Ez alferrik, literatura kataluniarra ere garaiko abangoardian kokatu zen. Ordukoak dira, gutxi-asko, Joanet Martorellen Tirant lo Blanch eta Ausias Marchen poesia, bietan ere maitasun gortesauaren eragina nabaria dena, bide batez. Eta Okzitaniaren hego-ekialdean literatura aberats hori garatu bazen, hego-mendebaldean zer? Tamalez, orain arte dakigunagatik behintzat, ez zen halakorik gertatu Euskal Herrian. Ez dugu eduki Martorell edo Marchik. Hain da urria euskaraz jaso duguna. Horregatik da aparta 2020an Rosa Ayerbek Gipuzkoako Probintziako Artxibo Historikoan aurkitu zuen Ene laztan gozo ederra gisa ezaguna den poema-zati sorta. Filologoek lan ona egin dute testua finkatzen eta hizkuntza aztertzen baina, tamalez, aurkikuntzatik ia sei urtera, ments dugu azterketa literarioa. Filologoen beren langintzarako ezinbestekoak diren zenbait oharrez haraindi, oraindik ez ditugu ale horiek begirada literarioz irakurri. Euskarazko beste pieza batzuekin erkatu izan da, nagusiki zenbait balada eta kantarekin, eta esamolde jakin batzuetan aski nabarmenena da gertutasuna, ahozko tradizioko literaturan harritzekoa ez dena, bestalde. Baina irakurketa literario sakon batek, besteak beste, begirada konparatistikoa eskatuko luke. Ikusi beharko luke sakoneko topiko eta ikuskera literario-kulturalak, euskara hizkuntzaren mugak gainditzen dituztenak, nola artikulatzen diren lerrootan. Gurean hutsaren hurrena izan da begirada konparatistikoa ikasketa literarioen baitan, eta esango nuke ikuspegi horrek argi asko jarriko lukeela pieza horretan ez ezik euskal literatura klasikoan oro har. Zertzeladaren bat ematearren besterik ez bada, bistakoa da, esate batera, Ene laztan gozo ederra maitasunaren ikuskera gortesauaren markoan kokatzen dela: amodio ukatu edo ezinezkoa, eta horrek sortzen dituen amodio handizkatua (emate erabatekoa) eta oinazea. Euskarazko lehen poema lirikoa da, momentuz, eta ez da harritzekoa, kokapen geografiko-denborazkoa (1515 ingurukoa dela uste da) kontuan hartzen badugu, amodioaren ikuskera hori nagusitzea. Marko horretan topiko bat da, adibidez, maitasunaren eta gerraren arteko analogia, maitemina guda baten moduan irudikatzea, horrek dakarren eremu semantiko guztiarekin, eta gure poeman, bere laburrean, ez dira gutxi ezpata, kolpe eta lehiak ere. Amodio gortesauaren beste ager-modu ohikoa da amor de loin deitzen dena, hau da, urruntasunezko maitasuna (ezinezko maitasunaren aldaera bat, finean), eta gure poemaren ere bada horren zantzurik. Ezer berririk ez, esan lezake inork, amodio kontuetan okzitaniarrak, toscanarrak eta kataluniarrak bezala penaz penatzen zirela euskaldunak ere. Baina XX. mendean fisika euskaraz ikas dezakegula frogatu zen bezalaxe erakusten digu Erdi Aroan ere euskaldunak gai zirela euskaraz amore minez penatzeko. Eta gaur egun ere hor jarraitu dezakegu «amorez izerdi», gure «bart gaueko negarretan zaldiak igeri». 2020an topatu zuten Ene laztan gozo ederra hitzekin hasten den testua. BERRIA