Beatles-ak baino beatleago...?

berriatop April 5, 2026

Aurreko batean, alaba gazteenarekin izan ohi dugun bazkalondoko solasaldi horietako batean, honelako zerbait bota zuen, zapla, mahai gainera: «Niri gustatzen zaizkit, e. Baina onartu beharko duzue Beatlesak, objektiboki, mierda bat direla. Boy band bat besterik ez ziren» (ez nago seguru letra etzanak nik jarriak diren: esango nuke entzun, entzun nituela, objektiboki hura azpimarratzen...). Yesterday abestiaren akorde «errepikakorrak» ekarri zituen hizpidera froga gisa. Emaztea eta biok, boomer zintzo gisa, zur eta lur geratu, eta ez ginen saiatu gehiegi eztabaidatzen (gainera, aitor dut, Yesterday ez dago nire faboritoen artean). Baina arantza hor geratu zitzaidan, eta hurrengo Zimiterioa irain-kitatzearena izango zela erabaki nuen. Eta bururatu zait egitea ez zuzenean Beatlesi buruz, baizik eta kontzienteki (baina bertsiogintzan edo parodian erori gabe) haien soinuaren oihartzun bat atzera ekartzen saiatu ziren albumak erabiliz. Alde batera utzi ditut, zer esanik ez, beatlemania garaikoak bertakoak (1962 eta 1966 artean apenas egon zen bandarik Beatlesak imitatzen saiatu ez zenik), Beatlesen banaketa osteko G. Harrison, J. Lennon, P. McCartney eta R. Starr-en bakarkako proiektuak (bistako arrazoiengatik: lortu ez arren, beti saiatu ziren maila mitiko hura berdintzen) edo The Beatlesen ustezko itzulera «ezkutuei» egotzitako albumak (Klaatu talde progresiboari 1970eko hamarkadan gertatu bezala, auskalo zergatik: nik diskoak entzun ditut eta sekula ez zaizkit horren beatleskoak iruditu...). Zerrenda askoz ere luzeagoa izan zitekeen arren (The Flamin' Groovies-en Shake Some Action, The Jam-en Sound Affects, Prince-ren Around the World in a Day, Katrina And The Waves-en estreinakoa, Crowded House-ren The Temple Of Low Men, Oasis-en (What's The Story) Morning Glory? –noski–, Boedekka-ren Hapi Nightmares...), hauxe nire gaurko aukera, ohiko susmagarriz osatutakoa. UTOPIA 'Deface The Music' Bearsville, 1980. Utopia ez zen, eta aldi berean bazen, album beatle bat egiteko talderik ebidenteena. Ez zen, AEBetako rock progresiboaren ikur nagusienetako bat zelako 1970eko hamarkadan, nekez irudika zitekeena itzulipurdi bat egiten psikodelia aurreko arora. Baina, kurioski, bazen, Utopiaren liderra eta motor nagusia Todd Rundgren zelako, hau da, British Invasion delakoaren (eta, ondorioz, Beatlesen) eraginpean garage rocka «asmatu» zuen 60etako gazte estatubatuar haietako bat, The Nazz taldearekin; giroa aldatzen hasi eta sinfonismoaren fragata erdi-hondoratua abandonatzen hasteko tenorea iritsi zelarik, honelako zerbait egitea irtenbide logikoa iruditu zitzaien (azken batean, orduan boladan zegoen new wave-a bazen, sixties esentzia popetara itzultzeko ahalegin bat), eta hainbeste omenaldi disimulaturen artean disimulurik gabeko batek izan zezakeen bere berexitasuna. Beatlesen 1967ra arteko karrera ederki laburbiltzen du minientziklopedia honek: lehenengo kantak entzutean Please Please Me edo With The Beatles LPetako bazterkin petoak entzuten ari zarela ematen duen gisa berean (I Just Want To Touch You, harmonika horrekin...), amaieran Sgt. Pepper's-en zaude murgilduta (Everybody Else Is Wrong-ek I Am The Walrus-en aire dezentekoa dauka, eta Feel Too Good Getting Better-en pastitxe bat da ia). Baina sentsazioa ez da inoiz imitazio pobrearena, kanta ezezagun berrien bertsioak balira legez. Ze, bestalde, Utopia ez da saiatzen Beatlesen soinua guztiz imitatzen: taldean ohikoak ziren sintetizadore-geruzak hor daude adibidez, eta ahots-harmoniak apalagoak dira, Utopiakoen kantatzeko abilezia-mailari zegokiona, ez gehiago ez gutxiago. Emaitza album guztiz atsegingarria da, labur egiten dena, poparen historiaren aldi loriatsu oso bat enkapsulatu arren. THE BANGLES 'All Over the Place' Columbia, 1984. Etxe honetan Banglesen oso zaleak gara. Izan zirenagatik (80etako pop talde handienetako bat) eta izaten utzi ez zietenagatik (garage rockaren revival-aren kide kitzikagarrienetako bat): Columbia diskoetxea taldea ederki leuntzeaz arduratu zen, eta profesionalek konposatutako hitzez hornitzeaz (Manic Monday, Walk Like An Egyptian, Eternal Flame), super-saltzaile bihur zitezen. Kontua da modu horretan «saldu» ez balira, ez ziratekeela agian aterako Kaliforniako Paisley Underground-eko zirkuitu txikitik, eta (gehienok) ez genituzkeela ezagutuko. Edonola, All Over the Place haien debut albuma izan zen, eta leunketa hasia bazen ere, oraindik ez zen guztiz agerikoa, eta, ondorioz, taldearen eragin beatle-sixtie-ek guztiz presente jarraitzen zuten. Deface The Music-ek Beatlesen historia (ia) guztia errepasatzen zuen bitartean, The Bangles Rubber Soul eta Revolver arteko etapan zentratu zirela esan genezake, hots, Beatlesek (besteak beste) power-popa asmatu zutenekoan; tira, ez da harritzekoa, are bandaren izenak gogorarazten du haien heroi britainiarrenak. Hordago batekin hasten dira, Hero Takes A Fall singlearekin, eta mendi (errusiarra ez ezik) liverpooldarrak ez dio gora eta behera egiteari uzten ordutik; nire faboritoak (eta beatlenianoak): James autoafirmaziozkoa, Dover Beach ebokatzailea (bai, Dover hori Ingalaterran dago), Restless (hauek bai ahots-harmoniak, eta ez Utopiakoenak), Going Down to Liverpool (froga gehiago behar genituen?)... Are Beatlesen alde baroque pop-ena besarkatzen dute une batez, More Than Meets the Eye-n. Disko biribila, agian ez beren hurrengo hit handiak bezain distiranta, baina bai autentikoagoa, soilik lau musikari gazte beatlemaniakok lor zezaketen bezainbeste. XTC 'Oranges & Lemons' Virgin, 1989. AEBetako bi talderen ostean, ingeles bat, berez beatleagoa izan beharko zukeen zerbait, nahiz eta ez halabeharrez: azken batean Beatlesak iparraldekoak ziren, eta XTC hegoaldekoak, eta tarte hori Atlantiko osoa bezain zabala izan daiteke, segun eta zertaz ari garen. Zorionez, XTC, zerbaitetan oso britainiarrak baziren, haien eszentrikotasunean zen, eta horrek eraman zituen, hain zuzen, new waveko talde bitxi eta arrakastatsuenetako bat izatetik, mundutik erretiratzera (Andy Partridge liderraren panikoengatik), eta, ondoren, gero eta ildo bukoliko, pastoral eta beatlezaleago batean babestera. Bide horren emaitza, azaletik bertatik Beatlesen erlijio berdaderoa lau haizeetara aldarrikatzen zuen album hau: kasu honetan Sgt Pepper's, Magical Mistery Tour eta Yellow Submmarine-ren ebanjelioek kontatzen zutena. Inoiz esan dut: XTCk etapa hartan egin zuen musika izan zitekeen Beatlesek egingo zukeena, baldin eta, Lennonek bizirik jarraitu izan balu, 80etan atzera elkartu eta grabatzen hasi izan balira. Diskoa, bikoitza bada ere, ez du kanta bakar bat ere soberan. Denak ezin ditudanez aipatu (denak aipatuko bainituzke, objektiboki), nire kutunak: Garden Of Earthly Delights psikodeliazko abiapuntua, King For A Day mccartneyar bezain mouldingarra (Colin Mouldingengatik, taldeko baxu jole eta bigarren konpositorea), Here Comes President Kill Again (gaurkotasunez betea, berdin dio noiz irakurtzen duzun hau), Scarecrow People, Cynical Days, Miniature Sun (ados, beach-boyskoagoa da, beatleskoa baino), eta, batez ere, Mayor of Simpleton single nagusia, kanta moduan itxurakeriari eta intelektualkeriari egindako emendakinik biribilenetariko bat, nire buruari noizean behin jartzen diodana gogoratzeko, edo ez ahazteko.